2023-12-31

EUSKAL NAZIOARI, BAI?

Garai ilunak dira euskal nazioarentzat. Eta NAZIO diodanean, hizkuntza honetan bizi eta, nazioa izateaz gain, ordenamendu juridiko politikorik behinena eskuratu nahi dugun herritarron euskal nazioaz ari naiz; euskaldun euskaltzale eta nazizaleok osatzen dugun nazioaz, alegia.

Beste urte bat amaitzen eta hasten den honetan, atzera nahiz aurrera begiratzeko joera izaten dugu denok, nondik gatozen eta nora goazen asmatu nahian, zer egin dugun orain arte, eta zer egingo dugun aurrerantzean ere. Eta, nazioa garen heinean, ezer gutxi egin dugula eta dena egiteko dugula esango nuke nik. Apurka-apurka, urterik urte, gure identitatea, gure izaera, gure kultura eta hizkuntza (euskara) urtuz doa menderatuta gauzkaten estatuen mesedetan; gero eta espainolagoak eta frantsesagoak gara Hego eta Ipar Euskal Herrietan, hurrenez hurren.

Horregatik guztiagatik bada batasunerako garaia, bada sasoia naziozale-euskaltzaleok, neurri batean behintzat, ekimen eta ekintzetan batu gaitezen, nazio gisa iraungo badugu. Eta, batasun horretarako, ezinbestekoa zaigu lidertza politikoa: gehienbat EAJ eta EHBilduz ari naiz, bai, edo EHBildu eta EAJz, nahigo baduzue, berdin baitio ordenak, batasunaren emaitzak du-eta garrantzia.

Hasi berria dugun 2024. urte hau berriz ere hauteskunde urtea izango da, gutxienez, bi esparrutan: EAEko Legebiltzarrean eta Europako parlamentuan. Eta bietan ere argi eta garbi eduki behar dugu ez dugula elkarren aurka ibili behar, batzuak zein besteak ezinbestekoak baikara euskal nazioari eusteko. Atzean utzi berri dugun 2023.enean ez bezala, geure esparru geografikotik kanporako hauteskundeetan nolabaiteko batasun estrategikoa landu beharra dugu, helburu komuna baitugu hemendik kanpo: euskal nazioaren aitortza eta legitimazioa. Horretarako, baina, eskuin-ezker parametroetatik harago, baitzen gaituzten egitate politikoetan bat egin behar, indarrak batuz, eta bereizten gaituzten puntuetan, ordea, ez elkar jo, ez elkarren aurka jardun, horixe bilatzen baitute euskal nazioaren aurkariek eta etsaiek (“divide y vencerás” oso barneratuta dute eta).

Izan ere, euskaldun naziozaleok hamarraldi luzeak daramatzagu elkarrengandik bereiz, erdal(dun) menderatzaileen gozamenerako, eta horrexek dakar, gutxika-gutxika, gure nazioaren akabera, gure identitatearen galmena, euskal kulturaren eta euskararen galera. Eta, endekapen horri galga egitekotan, nahitaezkoa dugu nolabaiteko batasuna.

Ausartuko nintzateke esatera Europako hauteskundeetan, Espainiako nahiz Frantziakoetan bezala, euskal alderdien (EAJ, EHBildu, GeroaBai, EHBai) batasun estrategiko hori dagoeneko hil ala biziko kontua dela, eta, nolabait, zerrenda bateratuak aurkeztu beharko liratekeela halako erakundeetan, horrelaxe bakarrik islatuko bailitzateke euskal naziozaleon indarra eta nahia. Beste kontu bat da hauteskunde lokaletan zelan jokatu, berorietan bestelako zerak ere baitaude, euskal identitateaz gain.

Gure arteko batasuna eratzen lehenbailehen hasi ezik, jai dugu Euskal Herri gisa.

Urte naziozale on!

 

2022-02-19

GIZARTE TXOTXOLO HAU

Aspaldion, neure inguruari begiratua eman eta, ikusi eta entzundakoak ikusi eta entzunda, jendarte txotxolo batez inguratuta bizi naizela begitantzen zait; eta “txotxoloa” diot, zertxobait gogorragoa ez esateagatik, lerdo hutsak garela ez esateagatik, esaterako.

 Zorioneko pandemia honen bigarren urteurrenean gauden honetan, oraindik ere, ezer gutxi ikasi dugula dirudi, eta lehendik (ustez) genuen iritzi kritikorako gaitasuna dagoeneko galdu dugulakoan nago. Agintariek edozer esaten digutela ere, gizarte honek sinetsi eta bete egiten du, txintxik ere ihardetsi gabe. Otzan-otzanak gara, eta, hedabideek sorrarazi diguten beldur eta ikararen eraginez, autotestatu, autokonfinatu eta autoakatzeko prest ere bagaudela esango nuke. 

Lehengo urtearen amaieran birragindu ziguten musukoa edonon eta edonoiz janzteko. Zorioneko “omikron” delako andui horren hedatzea ekiditeko-edo, eta denak musukoa jantzita kalean. Oraintsu ezabatu berri digute kalerako derrigortasuna, baina, halere, askok eta askok oraindik ere kalean janzten dute musukoa, eta erantzi dugunoi, gainera, trabeska eta mesfidantzaz begiratzen digute eurekin gurutzatzean. Nahikoa polizia ez, antza, eta elkarren zelatari bihurtu gaituzte erakundeek.

Lehen, “delta” omen zen kontrolatu beharreko aldaera, baina dagoeneko badirudi hura desagertu egin dela; gripea bezala, bat-batean existitzeari utzi diona. Miraria. Apurka-apurka, omikron aldaera ere ahanzturan ari da jausten, eta txertoen negozioa bera ere apalduz doa; hainbat txerto-dosi iraungitzeraino apaldu ere, erakundeek dirutza xahutu omen dutelarik. Baina, pandemia honi oraindik ere albait etekinik handiena atera nahian, susmoa dut beste aldaeraren bat edo “salduko” digutela, aldian aldiko txertatzea zuritu nahian, betikoen poltsikoak betetzeko, noski.

 Eta gizartean denok otzan, esaneko; denok txotxolo, ergel hutsak.

2020-12-07

GU, SUPREMAZISTEN KONPLIZEOK

Hispanitatearen eguna igaro berri den honetan, berriz ere ikusi ahal izan ditugu espainolen supremazismoaren hainbat agerraldi, han-hemenka. Eta, horien artean, niri bereziki deigarri egin zait Mario Vargas Llosaren “La lengua oculta” izeneko artikulua, El País egunkarian irakurgai.

Bertan, Espainia Estatuko hizkuntzen arteko harremanari dagokionez, diskurtsorik ultraeskuindarrena egin du idazle latinoamerikarrak, hizkuntza hegemonikoa den gaztelania Estatuko hizkuntza gutxituek mehatxaturik agertuta. Logika historikoak betitik agerian utzi izan duena hankaz gora irauli eta errealitatea iruntzietara agertu digu supremazista perutarrak, zapaltzailea zanpatu bihurtuta, hegemonikoa gutxitu. Eta diskurtso zital horrek, logikoa denez, zeresana eman du sare sozialetan; Twitterren, behintzat.

Artikuluari egin zaizkion kritika eta kontra-argudio asko euskaraz irakurri ahal izan ditugu, baina beste asko gaztelaniaz ere bai. Normala deritzot, euskaraz jakin ezik, gaztelaniaz egiteari, baina hainbat euskaldunek Vargas Llosaren zakarkeriei erdaraz aurre egin izanak, atzera ere, aztoratu egin nau, eta askotan neure buruari egiten diodan galdera gogora ekarri: ez al gara gu, euskaldunok, erdal supremazisten konplize?

Izan ere, aspaldion, hainbat eta hainbat izaten dira, Twiterren-eta, erdaraz irakur daitezkeen euskaldunen txio eta iruzkinak. Eta horietatik mingarrienak euskaltzaletzat (abertzale, naziozale…) jotzen ditudanenak izaten dira. Gero eta eramangaitzagoa egiten zait euskararen aldeko erdarazko aldarrikapen eta erretolikak entzutea euskaldunen ahotik, euskaldunek sinatutako gero eta txio, ohar eta artikulu gehiago irakurtzea. Eta, halakoen artean, politikariek behar lukete eredu izan.

Bada garaia, izan ere, koherentzia izan dezaten gure ordezkari politikoek. Ez dut ulertzen EAJk eta EHBilduk, biek ala biek, zergatik komunikatu (txioak, prentsa-oharrak…) behar duten gaztelaniaz nagusiki, edota elebidun, baita Euskaraldian zehar ere, baldin eta Euskal Herriaren, Euskararen Herriaren aldeko ordezkariak badira. Ez dut ulertzen nolatan egin dezaketen erdaraz mass-medien aurrean, esaterako, Iñigo Urkulluk eta Maddalen Iriartek euren arteko ezbai politikoetan. Ez dut ulertzen, baldin eta inoizko Legebiltzarrik naziozaleena baldin badugu Gasteizen, zergatik egiten den bertan erdara gehiago euskara baino. Eta, politikariez harago, ez dut ulertzen, Euskararen Legearen berrogeitaka urteren bueltan, zergatik ez den euskara lehenesten, edo aukera bakartzat ematen, hainbat eta hainbat euskaldun euskaltzale/naziozaleren jardunetan, beren-beregi, beraiek eredu izan behar luketenean.

Beti aritzen gara kritikatzen erdara inposatzen digutela, ez digutela euskaraz bizitzen uzten, eta, aldi berean, uko egiten diogu gure hizkuntzan aritzeari. Eta GU plural maiestatikoa darabilt, politikari ez-eredugarriak jopuntuan jarri arren, irudipena dudalako euskaldun anonimo arrunton artean ere askotxo garela (zaretela, direla) horrela jokatzen dugunak. Ez uste, supremazisten konplize hori?

2018-06-16

TALIBANA EI NAZ


Seme nagusia erdaraz egiten harrapatu dut gaur, plazan, bera baino pare bat urte zaharragoa den beste ume euskaldun batekin. Eta nik, goxo eta amultsu, beragana hurbildu eta zera esan diot: “Badakik, seme, euskaldunon artean euskaraz egin ohi diagu”. Ulertu eta atoan hasi da, jarraitu dute, euskaraz egiten. Orain arte ez dut uste halakorik egin duenik, baina, urteetan gora doazela, errazagoa da erdarara jauzi egitea, antza, beste guraso batzuek esan didatenez.

Bada, kontua da, hori esan diodanean, inguruan zebilen beste guraso batek entzun eta zera esan didala, erdaraz ere egin behar dutela gure seme-alabek, gurasoon garaiko bereizkeriatan ez dutela zertan parte hartu eta, nolabait, berdintasunean jaso, onartu eta garatu behar dituztela euren hizkuntzak, euskara eta gaztelania. Nik, birritan pentsatu barik, zera ihardetsi diot berehala, berdintasunez jardutekotan, lehenengoz, berrogei bat urteko jazarpena egin beharko litzaiokeela gaztelaniari, eta, behin euskararekin parra eginda, orduantxe hasi beharko genukeela berdintasunez jokatzen; bitartean, berdinkeria baino ez litzatekeela. Berak irribarre batez onartu du nire iruzkina, eta hortxe amaitu da bion arteko solasa.

Ez dut askorik ezagutzen guraso hori. Egia esanda, beraren izenik ere ez dakit. Zorioneko plaza honetan ere ibiltzen dela besterik ez dakit, bere umeekin, eta, euskaraz dakien arren, erdaraz entzun izan diodala berbetan beste guraso batzuekin, ez behin edo birritan, askotxotan baizik. Ni baino dezente gazteagoa dela ere badakit, adin bertsuko umeak ditugun arren, eta nitaz zer pentsatuko zuen ere badakit, horretaz txintik ere esan ez didan arren; euskararen taliban hutsa naizela pentsatuko zuen, ziur naiz.


2018-05-27

BEREIZ, baina BIDAIDE


Hauteskunde giroa sumatzen da inguruan. Hego Euskal Herrian urtebeteren buruan izango ditugu, bai ala bai, baina gatibu gaituen espainiar estatuan ere ez dirudi luze iraungo duenik indarrean duten gobernuak. Eta, tesitura horren aurrean, zer-nolako jokaera dugu euskaldunok? Zelan jokatu behar lukete euskal alderdiek?

Aldez aurretik esan dezadan, “euskaldunok” edota “euskal alderdiak” esatean, ez naizela bertoko euskal herritar guztiez ari, ez eta Hego Euskal Herrian diharduten alderdi politiko guztiez ere; euskal herritar nahiz alderdi naziozaleez ari naiz, Euskal Herria naziotzat jo eta beronen askapena aldarrikatzen dugunoz, hain zuzen.

Hori argituta, eta gauden egoeran egonda, bada garaia estrategia politiko komunak abian jartzeko, nik uste. Bada garaia batzen gaituenak benetan batu gaitzan eta, horrela, berrindarturik, aurrera egin dezagun geure askapenean. Eta, hauteskunde estrategiei begira ere, nolabaiteko bide komuna lantzeko garaia iritsi dela esango nuke: naziozaleok, bidaide.


Batetik, bertoko hauteskundeak izaten ditugu: Batzar Nagusietako, Eusko Legebiltzarrerako, Foru nahiz Udal hauteskundeak. Berorietan guztietan, bereiz aurkeztu behar dira euskal alderdi naziozaleak, EAJ eta EHBildu, alegia. Noski, nork bere ideologiatik egin nahi eta behar du politika eta, horretarako, unean uneko zein tokian tokiko erabakiak hartu behar. Hala ere, alderdi espainolak eta espainolistak gailentzen diren edo indartsu dabiltzan lekuetan, jokabide estrategikoa eduki beharko lukete ikuspegi nazional batetik, elkarri laguntza emanez, bai gobernua(k) osatzeko garaian, bai erabaki garrantzitsuenetan. Hots, ahuldadearen aurrean, baturik; indarra dagoenean, bereiz. Horrela, betiere, euskal nazioa indarturik aterako litzateke udalerri, eskualde eta lurralde historikoetan, eta, hortaz, Hego Euskal Herrian.

Bestetik, ordea, gure lurraldeetatik haragoko hauteskundeak izaten ditugu; Espainian eta Europan, halabeharrez. Eta, horrelakoetan, bestelako estrategia behar lukete gure alderdiek: bat eginik jokatu beharko lukete EAJk eta EHBilduk. Hau da, Espainiara eta Europara euskaldunon interesak defendatzera joan behar dute, bidaide, ikuspegi nazional batetik jardunda. Gure nazioa kuestionatzen eta ukatzen duten erakunde arrotzetan, gure arteko batasunak baino ezin du bermatu gure interesen benetako defentsa.

Hau da, gure arteko lehian, ondo da ezker-eskuin parametroetan lehiatzea eta ikuspegi ezberdinak agerian uztea, argudiatuz, elkar kritikatuz, elkarri alternatibak jarriz, eta, batez ere, elkarrekiko errespetu osoz. Baina, etsaiaren aurkako lehian, parametro nazionaletatik ekin behar zaio borrokari, bat eginik, elkarren eskutik, elkarri lagunduz, alternatiba komunak eginez, eta, batik bat, euskal nazioa aldarrikatuz eta eraikiz.

Eta baten batek esango du, arrazoi osoz esanda ere, non utzi ote dudan Ipar Euskal Herria proposamen nazionala egitekotan. Bada, iparreko egoera politikoa arrotzagoa zaidanez, nahiago izan dut albo batera utzi, oraingoz behintzat, baina garbi asko dago planteamendu bera egin litekeela han ere, bertako euskal naziozaleak Frantziako erakundeei begira, batetik, eta, bestetik, Europako erakundeei begira, Ipar eta Hego Euskal Herriko indarrak bat eginik.

Edonola ere, estrategia logikoa dirudi ikuspegi nazional batetik aztertuta; burujabetza lortu nahi baldin badugu, noiz edo noiz gauzatu beharko dugun estrategia. Nago, ostera, euskal alderdi naziozaleek oraindik ere euren alderdikeriari begira jokatzen dutela, naziogintza albo batera utzita. Horrexegatik nahi izan dut NAZIOZALE terminoa azpimarratu, “jeltzale” eta "abertzale” adjektiboak aipatu ere egin gabe. Askapen nazionala behar baitugu lehenik eta behin; gero, gerokoak.

2018-05-26

EAJren EGUNOTAKO JOKABIDEA DELA-ETA

J. I. Luzuriagak bidalitako mezua duzue beheko hau. Zuekin partekatu nahi izan dut, interesgarria izango zaizuelakoan: 

Twitterretik ateratako gogoeta:

Gogoratu nahi dut Vicent Partalen adierazpena Vilaweben (2918/05/23: “No els bascs; només uns bascs”): "EAJk badaki Ezker Abertzaleak ez dituela biltzen baldintzak traizio hau politikoki kapitalizatzeko". Bada, bertan dugun sakoneko arazoa ukitu du Vident Partalek, gure egitura politikoaren gabezia: alderdi estandar bakarra edukitzea, alegia. 

Gure egitura politikoan munduan estandar den sistemaren aldeko muturreko jarrera duen alderdi bat dugu: EAJ; eta sistemaren kontrako muturreko jarrera duen beste talde definigaitz bat: antikapitalistak. Erdian basamortua dago.


Aipatu artikuluan agertzen den beste esaldi bat da hau:

I sap, a més, que aquests darrers mesos és constant el degoteig de votants del PSE i del PP que s’aixopluguen en el PNB pensant que és la garantia que el País Basc no seguirà els passos de Catalunya.

(Gainera, EAJk badaki azken hilabete hauetan etengabeko boto-jarioa izan dela PSE eta PP alderdietatik EAJren aldera. Horientzat EAJren jokamoldea da Katalunian gertatzen ari dena hemen ez gertatzeko dagoen berme bakarra).

Artikuluarekiko lotura:
https://www.vilaweb.cat/noticies/no-els-bascos-nomes-uns-bascos-editorial-vicent-partal/

2018-04-21

EUSKARALDI OPAROA

Egunotan, han-hemenka ari dira egiten tokian tokiko euskaraldiaren aurkezpenak. Dakigunez, aurtengo euskara-egunaren aurreko hamar egunetan, bai eta euskara-egunean berean ere, hainbat ekintza burutuko dira euskararen alde, eta, horietatik eraginkorrenak-edo, hamaika egun horietan zehar, hots, 264 orduz edota 15.840 minutuz, nahiago bada, bizi eta prest ariko diren milaka aho-belarriak izango dira.


Jakina, aho-belarri horiek boluntarioak izango dira, militanteak, eta musu-truk jardungo dute mingaina astintzen nahiz adi-adi aditzen. Baina gainerako ekintza puntualetan, gehientsuenetan, segur aski, euskal kulturaren sortzaile asko eta asko ibiliko dira lanean; kantuan, dantzan, bertsotan… Eta, noski, lana denez, beren diru-sarrerak izango dituzte ordainetan, oro har, denon sakela komunetik ordainduko zaizkien sosak, hain zuen.

Agerian denez, aurton, euskaraldi oparoa izango dugu azaren aroaren bueltan; batzuek, hori bai, askoz ere oparoagoa bestetzuek baino, baina, tira, horrela izan da beti, ezta? Hala ere, oparotasun horrezaz harago, euskarak ez dirudi hainbeste irabaziko duenik, ez denboran, behintzat. Oraino, euskara-eguna ospatzen denetik, 364 egun izan ditu urtero-urtero irabazteke (365 bisurteetan), eta, aurten, oraindik ere 354 faltako zaizkio urte biribila osatzeko (horrela jarraituz gero, 2020an eta hortik aurrera lau urterik behin, 355).


Gainera, ahobizi eta belarriprest arituko direnek, kontatu didatenez, bereizgarria eramango dute paparrean, itsaskin bat edo, elkar ondo identifikatu eta hanka sartzerik ez egiteko. Eta itsaskinok ere merke-merke irtengo zaizkio euskaraldiari, norbaitek debalde ekoitziko baititu, diot nik. Zehapen horrek gogora ekarri dit gaztetako garai hura, laurogeiko hamarraldia, denok paparrean EHEren txapa eta eguzki antinuklearra, besteak beste, luzitzen genituenekoa. Lehengo lepotik burua, beraz.

Euskaralditik at, baina, milaka euskaldun biziko gara gure egunerokoan, gaur bezala egun horietan ere, euskaraz, itsaskinik gabe paparrean, eta aparteko irabazpen ekonomikorik jaso gabe. Bolo-bolo ibiliko dugu euskara ahoan, eta fin-fin entzungo ondokoari, horregatik aparteko meritu eta goraipamenik eskuratuko ez badugu ere, eta urte biribila osatuko dugu euskaraz, iaz bezala, eta, dena ondo bidean, datozenak bezalaxe ere. Eguneroko bizimodu euskalduna egiten dutenak, duzuenok, dugunok eraikitzen ari gara Euskal Herria; unerik une, uneoro, etenik gabe.

Maiz, pentsatu ohi dut euskaldunok oso folklorikoak garela, gustatu egiten zaigula gure identitatea mozorrotu eta errealitate paralelo bat sortzea bizi dugun errealitatearen parean, egiatan, berau aldatu eta era koherente batean bizi beharko genukeenean; euskaratik eta euskaraz, 365 egunez urtean (366 bisurtetan).